Bizitza telefonoak eta tabletak sakatzea baino askoz gehiago da. Bizitza, batez ere, natura hutsa da: haizearen fereka aurpegian sentitzea, ezkaiaren eta izpilikuaren lurrina dastatzea uda gorian, goizeko izotza gozatzea neguko egunsentian, ugaztunak eta haien arrastoak aurkitzea, hegaztiak eta kantuak gozatzea. Naturak sekretuak irekitzen dizkio bere baitara hurbiltzen denari, begiak eta belarriak zabal-zabalik eta ezinegona eta urduritasuna oso urrun utzita.

Ez dago zertan Afrikako dokumental bat ikusi basa bizitza gozatzeko. Hemen bertan dugu, alboan, fauna ikusteko gure txabolen aurrean. Lehiotik haratago begiratu beharra daukagu, ez besterik. Hau da, presta gaitezen fauneatzeko!

Andoni Llosa naiz eta basa bizitzaren eta naturaren zaletu petoa nauzue. Beste zenbaiten kasuan bezala, egun batean paperek eta bulegoak erabat nazkatu ninduten, kudeaketak eta errealitate birtualak akitu, eta pasioa ogibide bihurtzeko apostua egin nahi izan nuen orduan. Pasio hori Naturarekin lotutako edozertan datza: fauna, landareak, klima, bertoko usadioak, tokiko toponimia…

Duela ia hamarkada bi gure sorterriko Bizkaia utzi genuen, bizitza ezberdin baten bila, Naturaren egunerokoan sartuta. Amaren arbasoen lurraldean aurkitu dugu, Ibai nire semea ere txunditu duen toki izugarri honetan.

Orain abian jarriko dugun proiektu pozgarri honek tokiko ekimenekiko loturak uztartu nahi ditu, hala turismo arlokoekin nola bestelakoekin, eskualdeko garapena sustatzeko helburuari ekin nahirik, gurea bezalako baliabide eta biztanle urriko eremu honetan.

Andoni Llosa